Zuztarretatik ahora

Nerbioi–Ibaizabal bailarako euskararen ondare etnolinguistikoa batzeko eta ikertzeko Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao-Miraballes, Orozko eta Zaratamoko udalek sustatutako ekimena da gurea. Eskualdeko herri-jakituria eta kultura tradizioa batu eta berreskuratzeko proiektua. Baserriz baserri, bertoko bizimodua jasotzen dihardugu, landa lan emankorrean. Material ugari batu da, pertsona bakoitza mundu bat baita, bere unibertso partikularrarekin. Are gehiago, etxe, familia eta baserri bakoitza.

Hagatik, etengabeko ikerkuntzan gaude, eta ikerketa honetan jasotakoaren zabalkundea eta gizarteratzea du helburu nagusitzat Zuztarretatik Ahora izeneko egitasmoak.

Zer batu da?
Ondare etnografikoa (eguneroko bizimodua, lanbideak, ohitura, olgetak, urte-sasoiei lotutako ekintzak eta errituak…)
Ondare lexikala (berbak, esaera zaharrak, esamoldeak…)
Ondare etnolinguistikoa (kantak, ipuinak, bertsoak…)

Zertarako?
Hizkuntzaren transmisioa bermatzeko, gure aurrekoengandik jasotakoa datozenei transmitituz.
Nerbioi–Ibaizabal bailarako nortasun propioa berreskuratzeko.
Proiektuan jasotako guztiaren zabalkundea egiteko, kasuan kasu, euskarri eta material desberdinak kaleratuz.
Jasotakoarekin Haur eta Lehen Hezkuntzan erabilgarri izango den material didaktikoa sortzeko.

Berriemaileak eta grabazioak
Ama-hizkuntza bertako hizkera duen 77 berriemaile elkarrizketatu eta grabatu dira (bai audioz bai bideoz) eta eurekin ia 340 orduko grabazioak egin dira.