Zuztarluze 2014/2015: OROZKO-UGAOKO FINALA
Kaixo!!!!
Hemen nau, Itxinatik osteratxua egiten. Orozko eta Ugaoko eskolen arteko finala amaitu berri, bertan jasotako besarkada eta moxu piloekin indarberrituta.
Puntual egon gara DONIBANE ARETOAN. Etxebarritik, Nerbioi ibaitik gora egin dogu: Basauri, Arrigorriaga, Ugao, Arrankudiaga eta Arakaldotik pasa gara. Laudio parean Altube ibaia indarrez bajatzen ikusi dot, ezkerretik. “Arrankari ederrak egongo dira” pentsau dot. Eskoitik, ostera, itzelezko usain goxoa, odoloste usain paregabea! Zein baino zein goxoago!
Zalantza horrekin ibili naiz, tripezorriek deiadarra egin deustie: Odoloste pare bat!!!!
Eskerrak Martin ugaraxoa lagun izan dudala, ostantzean… berandu ibiliko nintzen.
Martinek Altubetik gora egiteko esan deust eta Zubiaurrera ailegatu aurreko zubian eskoatara egiteko. Agur egin eta Laudio inguruan itxi dot kurubioen atzetik, jo ta su. Orozkora ailegatu eta deskantsu apur bat hartu dot. Arrankari pare bat harrapatu eta… ejem, badakizue, tripekada ederra hartu eta gero!
Donibane Aretora hurbildu naizenerako Ugaoko eskolako kaskailuak bertan izan dira, autobus eder batean etorri dira danak. 5. eta 6. mailakoak, pankarta eta guzti!!!
Orozkokoak gerotxuago arrimatu dira, berde eta urdinez jantzita, gogotsu.
Gure aurkezle txoriburuak puntual eman dio hasiera ekitaldiari eta plausta! Ugaoko bikote biek aurrera hartu dabe lehenengo proba bietan. Orozkokoak, zuhur, “Ni bizi naiz baserrian” proba baliatu dute aurrea hartzeko finalaren amaiera bitarte.
Eta horrela gelditu dira markagailuak:
- JOSEBA ARRIZABALAGA DUÑABEITIA eta JORITZ ARBAIZA AMUNDARAIN
- ENAITZ URIARTE ETXEBARRIA eta ONEKA IZARZELAIA ARAMENDI
- XABIER AIERDI BECERRA eta ANDOITZ FERNANDEZ EGUILUZ
- IRUNE ZARATE BECERRA eta INES HERNANDEZ GARCIA
Pozik, irripartsu eta zaratatsu aritu gara. Ugao eta Orozkoko alkateak ere urreratu jakuz: Ekaitz Mentxaka Corral eta Josu San Pedro Montalbán. Gozatu ederra hartu dabe finalaren gora beheran. Eta pozarren banandu dabez sariok, baita irabazleentzako txapelak be.
Oneka Izarzelaiari argazki pare bat bota dizkiogu, Zuztarretatik Ahora egitasmoaren hasieran egin zen irudian bere amamagaz agertzen da, Angela Bilbaorekin.
Ze polite!!!
Gure aldetik, besterik ez. Asko gozatu dogu ikasturte honetan zuekin, kaskailu zoragarri horiek!!
Datorren ikasturtean gehiago, bitartean, ondo bizi!!! Eta ibaian ikusten nauzuenean, agurtu!!
Urtxakurra