Esaerak
Iraila, udaren buztana eta neguaren hasiera
Iraila hilabete zalantzakorra izaten da. Batzuetan ez dakigu udan ete gauden eta, beste batzuetan, neguan. Pertsonoi ere antzeko zer edo zer gertatzen zaigu.
Baleki gazteak, baleuko zaharrak
Bizitzaren legea horrelakoa izaten da. Gazteak indarra eta energia du gauzak burutu ahal izateko baina sarritan esperientzia ezak sortzen dituen akatsak izaten ditu.
Zaharrak ez dauka energia nahikorik, agian, baina metatutako esperientziak laguntzen du emaitza berdina lan erdiarekin lortzeko.
Eguraldi ona, bera da praka, bera da gona
Eguraldi onak horixe dauka, arropa askoren beharrik ez dagoela.
Gura dauenak luzaro bizi, oiloakaz ohera eta txoriakaz jagi
Osasuntsu eta luzaro bizi gura duenak goiz oheratu eta goizean goiz jagi behar du.
Lunes gernikes, golperik be ez
Ezaguna da Gernikako astelehenetako merkatua. Egun hau salerosketak egiteko ez eze jai eguntzat ere hartu izan da. Ohikoa izan baita jatetxeren batean edo bestean bazkaltzea eta frontoiko partidak ikusteko osteratxue egitea ere bai. Azkeneko urteotan urriko azken astelehena denen gainetik nabarmendu da.
Hori da hori: euskeraz mondongo eta erderaz motroilo
Berba egin behar den hizkuntzan ganoraz egitea garrantzitsua da. Gurean, batzuetan, hizkuntza biak elkar nahasten ditugu eta azkenerako ez dakigu ez batean ez bestean patxadaz hitz egiten.
Nagiaren urak tenple bi: bata hotzegi, bestea beroegi
Alperrak beti aurkitzen du aitzakiaren bat lanik ez egiteko.
Astoa saldu eta mandoa erosi
Ona hobearen truke aldatzeko gogoz egon baina antzekoarekin geratzen garenean erabiltzen da. Negozio txarra egin.
Zelango egurra, halango zozpala
Umeek jaio, hazi eta hezitako ingurunetik edaten dute. Eta horrek egiten ditu ezberdin. Haretxaren egurra eta pinuarenak ez daukate zer ikusirik. Euren zozpalak ere ez.
“Zelakoa Mari, halakoa Peru” aipatzen zuen Mikel Zaratek bere Haurgintza minetan.
Azaroa hotz, negua motz. Azaroa bero, negua gero
“Negua ez du inoiz otsorik jan”, esaten dute. Negua lehenago edo beranduago etorri egiten da etorri. Azarotik hotzak gure bazterrak astintzen baditu, negua labur joango da. Azaroan beroa nagusi bada negua beranduago etorriko da, baina etorri barik ez da lotuko.
Urrineko intxaurrak hamalau, ondora joan eta lau
Kanpokoak, auzokoak, urrunekoak… Urrekoak, ingurukoak, etxekoak baino estima edo fama gehiago izaten du, sarri. Baina, askotan, kontu hutsa baino ez da eta benetan ezagutzen dugunean horretaz konturatzen gara.
“Auzoko behiak, erroak luze”
Auzoan uso, etxean otso
Etxetik kanpo, apal, aingeru baten moduan moldatzen garenean eta, ostera, etxekoekiko hartu-emanetan erasokor, egoskor jokatzen dugunean. “Kanpoeder, etxekalte”.
San Andres, txarria kortan trabes
Txarri bakotxari heltzen jako beraren San Martin
Azaroak 11, San Martin. Neguaren ateetan etxeko arkoia txerrikiz betetzeko sasoia da, negu gorriari aurre egiteko.
Txarriei legez, gauza guztiei bere momentua heltzen zaio.
Abenduko eguna, argitu orduko iluna
Abenduko egunak urteko egunik laburrenak izaten dira. Eta egunaren zatirik gehiena ilunetan pasatzen dugu. Goizari argitzea kostatzen zaio eta arratsaldean, konturatu orduko, gaua da.
Abenduko lainoa, euria edo hegoa
Abenduko lainoak ez du gauza onik ekartzen, euria, elurra edo haize hegoa. Abenduko haize hego hotz eta sarkorra.
Santa Luzi: gaua moztu eta eguna hazi
“Santa Luzietan gaba da luze San Bernabetan egune nobera ondo egon ezkero ezta erruki lagune” Kantatzen dute Xabier Amurizak eta Joseba Tapiak.
Santa Luzia eguna, abenduak 13, urteko egunik laburrena dela esaten dute. Hortik aurrera eguna luzatzen eta gaua laburtzen hasten omen da.
Euskera bihotzean, baina erdera ezpainean
Euskera sentitu, maitatu eta gurea legez daukagun arren ez da egunaro erabiltzen dugun hizkuntza, ahora daramaguna, ezpainetan darabilguna. Anje Duhaldek aspaldi du kantatua: “maita nazazu guziago, goza nazazu gehiago”.
Urtarril hotza, neguaren bihotza
Urtarrilean hotza behar du, negu-neguko aroa.
Burua saldu eta txapela erosi
Gauza guztiek bere prozesua daukate. Alperrik da helburu bat lortzea helburu horrek ondoriorik ez badu izango: “habia egin denerako, txoria hil”
Asteak, guztiak balira jai; gazte alperrak hori nahi
Alperra den gazteak horixe nahiko luke, astebitarteak eta asteburuak bat izan daitezela. Egun guztiak jai izateko. Ez eskolarik, ez lanik…
Larregia eta urriegia, dana kaltegarria
Denak dauka bere neurria eta hortan datza oreka. Jatekorik ez badaukagu larri ibiliko gara baina larregi janez gero ere… komeriek!
San Bizente hotza, neguaren bihotza; San Bizente bero, negua dator gero
Neguko urtaroaren martxa igertzeko beste esaera polit bat. Urtarrilaren 22an San Bizente eguna dugu. Ordurarte izandako eguraldiak esango digu hurrengo hilabeteotan zer egongo den.
Otsaila, katu-hila
Otsaila katuen hilea dela esaten dute. Kalean, gauaren iluntasunean, arreske entzun ditzakegu. Bere zaratotsak gaueko isiltasunak apurtzen du, kotxeen baimenarekin, noski.
Guzurra esan neban mendian, ni baino lehenago herrian
Edo beste honek balioko liguke “Guzurrak hanka laburrak ditu”. Guzurrekin urrutira ez gara ailegatzen, alegia, eta, konturatu orduko, guzurretan dabilena errez harrapatzen dela, bere kalterako.
Danbolin bako erromeria
Ume inguruetan erabilitako esaera izan arren bestelako testuinguruetan ere erabilgarria da. Umeak negar hutsean daudenean “Danbolin gabeko erromeria” dagoela esaten da. Inguru zaratatsuetan ere.
Saldua, galdua
Saltzen dena galtzen da, norberarena izateari uzten dio.
Martiko eguraldia, goizean eguzkia eta arrastian euria
Horrela izaten da martxoko eguraldia, oso aldakorra. Horrela ere bizi du gure bihotzak bizitza, “negar eta barre txitxi-burduntzi“.
Dirua morroi ona, baina nagusi txarra
Dirua aldean dugunean erosoago gabiltza faltan dugunean baino.
Ez dago aldats bako aurbeherarik
Bizitza honetan zer edo zer lortu nahi badugu majo lan eginda izango da, ez dagoela, alegia, ondoriorik, baldintzarik edo kosturik gabeko lorpenik.
Kukuak Andra Mari Martikoz kuku, San Pedroz mutu
Andra Mari Martikoz, Martxoaren 25etik aurrera, aukera handiak daude Kukua entzuteko. Gogoratu Kukua entzuten dugunean dirua aldean izanez gero… urte oparotsua izango dela. Ekainaren 29rako, San Pedrotarako, berriz, Txindorraren izerdiaz majo aprobetxatu eta gero, mututzen zaigu, ixiltzen da.
Apirileko lorea, urrea baino hobea
Negu gorriak solo, larre eta inguruok jatekoz eskatu duenean, apirilean ondo baino hobeto etorriak izaten dira ganaduarentzako belarrak, frutarboletako lorak eta naturaren itxartzea oro har. Arraindegietan ere lehenengo bokartak agertzekoak dira.
Zazpi bider neurtu eta baten ebagi
Ebagiz gero balio ez badu…. alper alperrik aritu baikara. Gauzak egin orduko edo erabaki bat hartu orduko gauzak ondo pentsatu behar dira. Gauzak berotan egin barik, burua hotzitu eta gero erabakiak hartzea onena izaten da.
Ekina baragarria da!
Ekin eta ekin, helburua lortu arte. Eta ekinean zenbat estropozu, ezbehar eta kontu sortu daitezke. “Ekina okerra da” ere esan ohi dugu.
Apirilaren azkenean, hostoa haretx ganean
Horrela behar duelako izan edo orain arte, sikieran, izan da. Udaberriko loraldian, arbolak berdetzen eta neguko loalditik itxartzen delako natura.
Maiatza, erdiz hotzak hila eta erdiz beroak errea
Kepa Diegez-ek bere EntoMet (Aroaren berbaroak) adierazten digun moduan, beste arotitz bat dugu hauxe. Maiatza udaberriaren erdi-erdian kokatzen den hilabetea dugu. Eguzkiaren presentzia egonkortzen doan arren, euria eta hotza urrean izaten ditugu.
Umeak Madrilen be ume!
Umeak ume dira leku guztietan, alegia.
Otsoak ez dau otsokumerik jaten
Inork ez duela bere buruaren kontra egiten, ez diola bere buruari harririk botatzen. Ez eta bere sendiko, herriko, lagun eta urrekoen kontra egiten, publikoki, behintzat, elkar defendatzea izaten ohi dugu dinamikarik eta emankorrena. Modu pribatuan haundienak esan behar bazaizkio ere: “Lauda ezazu laguna jendearen aurrean, kritika ezazu buruz buru (Arabiarren jakinduria)”
Eguzkia eta euria, Erromako zubia.
Erromako zubia, ostadarra, ortzadarra, sustrukue… zenbat izen eta zenbat kolore euria eta eguzkiak, une batez, bat egiten dutenean.
Txarto esanak parkatu, eta ondo esanak gogoan hartu
Jende aurreko jardunetan erabili ohi den esaera da. Bertsotan, berbarako, oso molde erabilia izaten da saio bat bukatzeko. Esandakoak esan eta gero, inor minduta balego, barkatzeko borondatea adieraziz, ondo esandakoak gogoratuz eta txarto esanak barkatzeaz batera ahaztuteko gonbita luzatuz.
Geroa, nagiaren leloa
Gero, geroko, biharko, hurrengo baterako… Horrela ibilten da nagikeriak jota dagoena. Momentuan egiten ez diren gauzak… sarritan, egiteko gelditzen dira. Hori da alperraren-nagiaren leloa.
Jesus, Maria eta Jose, beti jan eta beti gose
Zirtolariren bat asmatutako esaera, akaso. Testuinguru umoretsu batean, jan kontuetan ase ezina den pertsonarekin erabiltzekoa.
Nirea nire, zurea gure
Gauzen edo ekintzen jabetzaren inguruan gogoetara eramaten gaituen esaera. Nirea dena nirea da, beste inorekin partitu barik. Baina beste batek ezer duenean harek partitzea nahi izaten dugu, gurea, danona izatea.
Hor konpon, Marianton!
Gauza batekiko ardura edo axola eza adierazi nahi dugunean erabili ohi dugu.