DVD interaktiboa

Zuztarretatik ahora DVD interaktiboa eskolarako material osagarria da (edo etxean gurasoekin erabiltzekoa), hezkuntza zikloen arabera eraturik datorrena, indarrean dagoen Hezkuntza Curriculumak zehazturiko edukiak lantzeko.

Herririk herri eta eskualderik eskualde bertako hizkuntza eta etnografiaren bilketan du oinarria proiektu honek.

Bideoen bidez, ikasleek euren mailari dagozkien deskribapenak, kontakizunak, azalpen-testuak… entzun eta ikusi ahal dituzte.

Helburu orokor nagusiak hauek dira: eskualdean bertako gaztetxoak euren ingurune hurrekoan integratu eta partaide bihurtzea, euren-eurenak diren kultura-gizarteen izaera eta elkarbizitza erak ezagutu eta balioestea, eta bizimodu eta tradizioen gaineko gogoeta eragitea.

Proiektuko unitate didaktikoak testuz, irudiz eta bideoz horniturik daude, gaika antolatuta. Gai bakoitzari dagokionean, jarduerak, esamoldeak, hiztegia, argazki galeria eta eskulanak daude. Guztira 950 bideo-txatal daude ikusgai, eurei dagozkien 88 unitateetan banaturik (9 Haur Hezkuntzako 1. zikloan, 12 Haur Hezkuntzako 2. zikloan, 24 Lehen Hezkuntzako 1. zikloan, 23 2.ean eta 20 3.ean).

Proiektuaren didaktikaz.pdf