Zaratamo
Auzoak: Arkotxa, Burbustu-Altamira, Elexalde Gutiolo eta Moiordin-Barrondo.
Zaratamo Nerbioi ibarreko albo baten dagoen 1.700 biztanle inguruko herria da. Zaratamoko biztanleak zaratamar edo zaratamoztarrak dira.
Herriak gune nagusi bi ditu: Elexalde eta Arkotxa. Lehenengoaren ezaugarri nagusiak 173 metroko altueran egotea eta nekazal giroa dira. Herriaren alde zaharra eta erdigunea dago bertan, bai eta herriko eraikin garrantzitsuenak ere: udaletxea, eliza, eta abar. Herriko biztanle gehienak bizi dira Elexalden. Arkotxa auzoak azken 50 urteotan hartu du oraingo itxura. Auzo txikia izatetik 292 familia bertan bizitzera igaro da azken hamarkadetan. Auzoko bertoko eta inguruko industriagunetara beharrean joandako jendeak osatzen du, batez ere, Arkotxako biztanlegoa. Aipatutako auzoez gain, badira beste batzuk ere: Uriondo, Iragorri, Mendieta, Goikiri. Gehienak nekazari-auzoak dira, oraindik ere ortuak eta mahasti zabalak erakusgarri dituztenak. Antzina, inguruetan, karobiak ere baziren.
Leku eta eraikin aipagarrien artean daude Santi Laurenti eliza, udaletxea, udaletxearen atzean dagoen balkoia, Burbustu auzoko baseliza, frontoia eta auzo batzuetan dauden baserri zaharrak. Ezaguna eta ospe handikoa da inguruan, gainera, Zaratamoko txakolina. Oraindik ere ikus daitezke mahasti eder askoak.
Aipatzekoa da, aurreko guztiekin batera, Zaratamoko esku-pelota eskola. Hor aritu da, esaterako, Ander Elezkano pelotaria. Herriko soinulari ezaguna da Anton Agirre. Herriko jai nagusiak San Bizente (urtarrilaren 20an) eta Santi Laurenti (abuztuaren 10ean) dira, baina, horiekin batera, Moiordin auzoan Santa Isabel (uztailaren 4an) eta Busbustun Asentsioa ospatzen dira, bai eta Arkotxako jaiak ekaineko lehenengo asteburuan. Upo mendian, azkenik, aspalditik egiten da erromeria uztailean, Magdalena eguna baino astebete arinago. Aipagarria da Aste Santuan Arkotxa auzoan egiten den prozesio jendetsua. Orain 50-60 urte hasi ziren egiten, Arkotxatik Elexaldera dagoen distantzia saihestuz herriko ahal beste jende batu zedin.