Etxebarri

Auzoak: Doneztebe, Kukullaga, San Antonio eta Legizamon.

Gaztela eta Bermeo lotzen zituen bidean zegoelako zen ezaguna Etxebarri, jada XI. mendean. Hainbat mendez Galdakao izan ostean, XVI. mendean elizate independiente bihurtu zen. Elizatea aurrera eroateko domeketako meza ostean bildu ohi ziren herritarrak gai ezberdinen gainean behar ziren erabakiak hartzeko. Legizamon leinukoak ziren agintari nagusiak herrian eta euren jauregiak oraindik zutik dirau izen bereko auzoan. Etxebarri gune estrategikoan zegoenez gero, bide nagusia begiratu eta defendatzeko dorre ezberdinak egon ziren inguruotan.

XX. mendera arte etxebarritarren jarduera nagusiak nekazaritza eta abeltzaintza baziren ere, industriak berebiziko garrantzia izan du azken ehun urteotan herriaren bilakaeran. Hala, Legizamon aldean burdina-meatzeak egon ziren, bai eta Altos Hornos de Vizcaya enpresarentzako lan egiten zuen Bandas lantegia (oraindik ere badago, beste jabe eta izen batekin) edo Metacast bezalako fabrika txikiagoak.

Industria handitzearekin batera, milaka pertsona etorri ziren Etxebarrira beharrean. Bizilekurik eduki ez eta Kukullagan ehunka txabola eraiki zituzten, harik eta mandatariek etxeak egin behar zirela erabaki zuten arte. Horrela sortu zen, egungo San Antonio auzoa. Inguruaren betiko izena Kukullaga bazen ere, etxeak amaitu orduan San Antonioren irudi bat eroan zuten bertara, eta haren izena eman zaio auzoari ordutik aurrera.

Herriaren zati handiena berria den arren, oraindik ere badira antzinako baserriak Etxebarrin. Kukullagan hainbat daude: Gomezena, Tortasena, Larragan, Larrabe, Kukullaga, eta abar. Horietaz gain, antzina herri erdian zegoen Santa Ana baseliza Legizamongo zubiaren parean berreraiki zen. Zubi horren parean dago, gainera, Zubiondoko errota eta inguruetan Landakoetxegoikoa baserria, 1911n zabaldutako Frontera taberna eta Legizamon jauregia.

Kirola egiteko zaletasun handia egon da betidanik Etxebarrin. Denbora luzez, esate baterako, indar gehien euskal pilotak eduki zuen: frontoia jendez lepo egoten zelarik. Oraindik ere gogoratzen dira gerra aurrean jaietan egiten ziren partidak edo 1960 eta 1970eko hamarkadako Azkuenaga, García Ariño edo Juan Ignacio Retegi-ren arteko norgehiagokak. 1950eko hamarkadan, gainera, futbolarenganako zaletasuna piztu egin zen. Izan ere, Etxebarriko taldea Bizkaiko onenen artean egon zen J.M. Zuloaga “El chaval” bezalako jokalariekin.

Gaur egun ondoko jaiak ospatzen dira Etxebarrin: San Antonio (ekainaren 13an), Santa Ana (uztailaren 26an) eta San Esteban (abenduaren 26an). Antzina, alabaina, San Inazio eta Santiago egunak ospatzen ziren.