Aldea-etxea edo baserria

Baserria da gure eskualdean tradizio handieneko etxea. Oinarri laukikoa izaten da, bi solairukoa. Teilatua bi uretara izaten du eta fatxada nagusia edo aurkera hegoalderantz egoten da. Lehenengo pisuraino harrizkoa izaten da, eta gorago batzuetan egurrezkoa ere izan daiteke. Gaur egun, ordea, goiko partea ere harrizkoa izaten da. Barruko banaketari dagokionez, beheko solairuan atartea edo portalea, suetea, karrajua eta korta egoten dira. Goikoan logelak edo kuartuak, kamara eta lastategia.