Laminak
Laminak emakume bereziak dira: gerritik gora emakume gorputza dute; gerritik behera, ostera, arrainarena. Badira emakume itxura eta ahateen oinak dituzten laminak ere. Laminak sorgin modukoak direla esan izan da beti.
Erreka, putzu eta iturri inguruetan agertzen ei dira, bertan egoten direlarik kantuan eta orraziaz euren adatsak orrazten. Olio usaina uzten ei dute, ilea olioz orrazten dutelako.
Lantzean, bidegurutzeetara eta baserri aldera ere hurbiltzen dira, baina opilzale amorratuak direnez, opil zati bat emanez gero zintzo-zintzo eta isil-isilik bueltatzen dira euren bizilekuetara.
Esne aparzaleak eta zukuzaleak ere badira, eta esnea egosten dagoenean “Txuria gora!” esan ei dute.
Laminei orrazia kentzen dietenek, laster izaten dute ordekoa. Inork euren orrazia lapurtuz gero, gauez lapurraren etxe azpira joaten dira zaratotsean:
— Maria, ekarri egizu orrazia, ezpabere galduko deutsut kortako askazia, edo kenduko deutsut bizia!
Asko dira gure inguruan laminak ibili direneko istorioak: Orozkoko Arandi baserrikoak, Neure buru, Lamin azkarrak…
Bai eta arrastoak ere.
Usansolon, esaterako, Laminarrieta izeneko lekua dago.
Arrigorriagako Lanbarketa izena ere (Lamin erreketa), laminengandik ei dator, laminak bertoko erreka-txarko baten egoten zirelako. Lehen ez zegoen zubirik bertan, pauso harriak baino ez zeuden. Horregatik, karreteruak gurdiarekin zebiltzanean, uztarriaren parean jartzen ziren, uztarriak gurdikamarekin gurutzea egiten duelako, eta hartara laminak ez zirelako agertzen.
Arrankudiaga eta Zeberioko koba eta haizpetan ibiltzen ei zirela ere esaten da, baina antza, ikusitakoak ez dira beti egia, ezen askotan pastoreak ziren handik ibiltzen zirenak, jendeak laminak zirela uste izan arren.