Anaia bi eta sugea

Anaia bi igitaiekin irak ebakitzen zeudela, han ikusi zuten zelan irten zen sugea!

Ezeiok ezer egin! –esan zion anaia nagusiak gazteenari, piztia ere izaki biziduna zela arrazoituta.

Anaia gazteak ez zion jaramonik egin nagusiari eta zazt, igitaia jaurtita sugeari buztan zati bat kendu zion.
Denbora joan eta etorri, anaia nagusia soldadu joan zen, eta Gabonetako afarirako biajea oinez egiten hasi. Arin-arinetan zetorren arren, ez zebilen garaiz afarirako. Horretan, kabailero batek irten zion bidera anaia nagusiari.

Paratu nire ganean eta eroango zaitut nik afaria jan gura badozu…

Halaxe egin zuen anaia nagusiak, eta afarirako ailegatu zen. Kabaileroak gerriko bi eman zizkion, beltza berarentzat eta gorria anaia gaztearentzat. Gerrikoez gainera, urregorrizko hainbat txanpon ere egin zizkion opari.

Anaia gazteenari gerrikoa opetsi zion nagusiak, kabaileroak esan legetxe:
Aiko! Kabailero batek ekarri nau eta garriko gorria emon jostek hiretzat!
Ez joat halakorik gura! –erantzun zuen anaia gazteak, eta etxaurreko intxaurrari eta lizarrari lotu zion gerrikoa. Lotu orduan airean gora egin zuten zuhaitz biek!

Eskerrak anaia gazteak gerrikoa jantzi ez zuen! Antza, horixe zen sugearen mendekua: hil arte estutuko zuen gerrikoa.